XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

11etan 57 autobusa, 4. parada: Arte Garaikideko Museoa (5 f.), 13,30 trena hegoaldeko geltokian, trenean zerbait jan, 15 Berna, Gillermo Tell-en etxea (3 f.), Konfederazio Jauregia (dohain), 17,30 trena, 18,30 Ginebra, ur-txorroa, parte zaharra, Rodanoko zubialdea... halako gazta eta halako ardoa dastatu, lletan trena, litera, 6etan Turin...

Dena horrela, baina askoz ere zehatzago.

Domingori bere mandamentuak betetzen utziz Margarida, Josep eta hirurok ontzia hartu eta Lidora goaz, Veneziako hondartzara.

Lidoak lur zati (hondar zati, hobeto esanda) luze-luze eta estuak dira; korronteen eraginez sortuak, itsasoa eta itsas-lakua bereizten dute.

Laguna Veneta hiru lidok ixten dute: Iesolo, Venezia eta Chioggiakoak.

Hiru bokale ditu itsasontziei eta mareei bide ematen dietenak.

Veneziako gune erresidentziala da Lido.

Hirian ibili ezin diren auto guztiak hemen dabiltzala dirudi nahiz eta sei km luze eta bat ere ez zabal duen isla koxkorra izan.

Eraikuntzak ere modernoak dira eta txaletak txapela kentzekoak.

Zinema festibalaren ondotik pasa gara hondartzarakoan.

Adriatikoko urek halako kolore ilunkote bat dute, ez oso erakargarria, baina sargori dagoenez barruan hobeto egoten da kanpoan baino.

Jende guztiak nobioak direla uste omen du, baina ez, lagun eta bidaiakide dira soilik.

Uretan jolas eta jolas ibili gara hirurok ordurarte; gero ere jarraitu dugu, baina nere jolasgura aztoratu xamartua dabil ondorenean.

Iluntzean San Marcora itzuli gara.

Espainiar talde zaratoso bat poronponperoka ari da plaza erdian.

Urruti samarretik begiratzen diegu panino bana janez.